2011/11/16

OHARRA: elkartasun jaialdia atzeratua

Uholdeen kaltetuen aldeko elkartasun jaialdia atzeratu egin dute beraz datorren larunbatean, azaroak 19 EZ da jaialdirik egongo. Deialdi berriaren berri izatean jakinaraziko dugu.

Ondo izan

2011/11/13

Uholdeetako kaltetuekin elkartasuna



Kaixo denoi!

Jakingo duzuenez joan den asteko uholdeek izugarrizko kalteak eragin dituzte gure baserri, etxe, baratz, eskola zein kaleetan. Donostian hainbat eragile lanean hasiak dira bertako kaltetuei auzolanaz laguntzeko asmotan.

Posible da baten bati kontsumo taldeekin zerikusirik ez duen gaia dela iruditzea baina gizarte eredu desberdin baten alde apustua egiten ari garen aldetik, auzolana eta elkartasuna bultzatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Dagoeneko auzolan taldeak antolatu dira garbiketa lanetan laguntzeko eta datorren larunbaterako, azaroak 19, elkartasun jaialdia antolatuko da. Bertan haurrentzako jolasak, kontzertuak, buru-handiak... egongo dira.

Egun honetarako laguntzeko prest egongo den jendea beharko da beraz ahal duenak parte hartzera animatzen zaituztegu. Informazio gehiago jasotzen dugun heinean jakinaraziko dizuegu.

Eta denbora asko ez baduzue baina zuen aletxoa jarri nahi izanez gero, parte hartu datorren larunbateko jaialdian, laguntzeaz gain primeran pasatuko dugu eta!

Ondo izan! Aurrera!

2011/08/22

PENTSARAZTEN: La Via Campesina


La Via Campesinak 70 herrialdetako 200 milioi nekazari biltzen dituen mugimendua da. Mugimendu honek, Elikadura burujabetza defendatzen du, gizakiak elikatu, planeta babestu eta munduko populazioaren bizimodua bermatzeko tresna gisa.
20 minutuko bideo honen bitartez mugimendu hau hobeto ezagutu dezakezue.
Miresgarria da nola kolore eta jatorri hain desberdinetako jendea helburu komun bat lortzeko antolatu eta elkartzen diren: elikadura burujabetza lortzea.

AntiguaOtarraken helburuen artean ere elikadura burujabetza izanik, mundu osoko nekazarien borrokarekin bat egin nahi dugu eta gaur egun inposatzen zaigun gizarte, ekoizpen eta kontsumo eredu jasangaitz honen aurrean alternatiba justu eta iraunkorrak bilatzera animatu nahi zaituztegu.

La via campesinari buruzko bideoa hemen

Pentsatu, ez sinistu!

Ondo izan

2011/08/07

Abuztuko Kaxuelitak

Aurtengo kaxuelitetan, mundu osoko herrientzat hain garrantzitsua den elikadura burujabetzaren alde pausu berri bat eman nahi izan dugu. Horretarako, Antiguotarrak Elkarteak eta AntiguaOtarrak Kontsumo Taldeak, elkarlanean kaxueliten afarietako ekoizle berriak bilatu ditugu ondorengo helburu eta irizpideak jarraituz:

1) Bertako produktuak. Modu honetan, bertako nekazariei beraien
jardueratik bizitzeko aukera ematen zaie.
2) Garaian garaiko produktuak: Honekin, ingurugiroarekin, eta  sozialki jasangarriagoak diren ekoizpen ereduak bultzatzen direlako.
3) Salmenta zuzena: ekoizle eta kontsumitzaileen lepora aberasten diren bitartekariak ekiditeko eta produktuei buruzko informazioa hobetzeko.
4) Ekoizpen agroekologikoa: Ahal den neurrian, ingurugiroa eta balore sozialak errespetatzen dituen produkzio mota agroekologikoak bultzatzea.

Guzti honekin, gaur egungo ekoizpen eta kontsumo eredu jasangaitzen aurrean aukera jasangarri baten alde ari gara lanean.

Gure aurtengo ekoizleak:
- Barazkiak: Lizardi baserria (Astigarraga). Salmenta zuzena San Martineko azokan
- Untxiak eta oilaskoak: Lokate baserria (Aia). Kontaktua lokatera@begira.com    www.nekatur.net/lokate
- Patatak: Iruña baserria (Zizurkil) 660640937.
- Gazta: Hernani. Salmenta zuzena auzoz auzoko azokan (Antiguan hileko azken larunbatean)

Afarietarako erreserbak eta informazio gehiago Antiguotarrak Ekartean

EROSKETAK EGITERAKOAN GOGORATU:
Tokian tokiko produktuak aukeratzea
Garaian garaiko produktuak erostea
Ingurugiroa errespetatzen duten produktu eta ekoizpen motak aukeratzea
Aukeratu salmenta zuzena edo denda txikiak

ON EGIN!

2011/06/25

antiguaOtarraken pintxoak: Tipula mermelada antxoa patearekin


Kaixo!
Esan bezala, aurreko igandean Antiguako San Juan jaietan parte hartu genuen informazio postu bat jarriz. Oso egun polita pasa genuen! Argazkiak hemen sakatuz ikus ditzakezue.
Informazioa zabaltzeaz gain, kontserba ikastaroan prestaturiko errezetekin egindako pintxoak ere eskaini genituen eta arrakasta handia izan zutenez zuekin konpartitu nahi ditugu.
Errezeta hauen bidez, urtaro batean ugari diren produktuak beste garai batzutan eskuragarri izan ditzakegu!Ideia hau oso lagungarria da garaian garaiko eta tokian tokiko produktuak kontsumitzeko erabakia hartu dugunontzat beraz aurrerago ere jarriko ditugu ikasitako errezeta gehiago! Ona hemen gaurkoa:

TIPULA MERMELADA ANTXOAREKIN

Tipula marmelada
Osagaiak: Tipula (gorria hobe), azukrea eta limoia.
Tipulak zuritu, txiki-txiki egin eta su baxuan jarri ondo potxatu arte (2 edo 3 ordu). Behin potxatu eta gero turmixetik pasa eta gero pasa-pure edo txinotik.
Tipula pisatu eta tipula kiloko 400 gr. azukre eta limoi erdi bat erantsi. Berriro sutan jarri loditu arte.
Mermeladak kontserban mantentzeko:ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten) eta bero daudela banan bana mermeladaz bete eta 24h buruz bera mantendu. Hilabete pasa ondoren goxoagoak egongo dira!

Antxoa patea
Osagaiak: Antxoak latan, oliba olioa, oliba berdeak, 80 gr. piper gorria (labean egina edo ontziratutakoak)
Antxoen lata ireki eta olioa kendu (olioa ona bada erabili daiteke). Antxoak txikitu eta pisatu; 120 gr. antxoako, 30 gr. olio, 50 gr oliba, 80 gr. piper.
Dena batera turmixetik pasa eta gero pikatzaile elektriko batetik, fin-fina gera dadin.
Pateak kontserban mantentzeko: ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten)eta atera. Patearekin bete eta presiozko lapikoan urez estalita 15min eduki.

Pintxoaren muntaia: ogi xigortua, tipula mermelada geruza bat, erdian antxoa pate marra bat eta gainetik ozpin erredukzio tanta batzuk.


On egin!

2011/06/17

Ekainak 19an, antiguaOtarrak San Juanetan

Kaixo denoi!

Asko zarete kontsumo taldeari buruz informazioa eskatzen ari zaretenak. Hori dela eta, eta Antiguan san juan jaiak ospatzen ari garenez, igande honetan frontoi inguruan informazio postu bat jarriko dugu. Bertan, taldeari buruzko informazioa, elkar ezagutzeko aukera eta kontserba ikastaroan ikasitako errezetez eginiko pintxoak izango ditugu, Antiguotarrak Dantza Taldea eta Antiguotarrak Elkarteak antolaturiko beste hainbat ekintzarekin batera: sardinada, dantzariak, erromeria... Igandea giro onean pasatzeko aukera paregabea!

Beraz badakizue, taldeari buruzko informazioa jaso eta igande atsegin bat pasa nahi baduzue gerturatu antiguara!

Eguna: Ekainak 19
Ordua: 12:00tatik 14:00tara
Lekua: Antiguako gorgatxo plazan (frontoi ondoan)


(sardinada eta taberna egun osoan zehar, 12:30tan dantza taldeen emanaldia, 17:00tan erromeria...)

ANIMATU eta ON EGIN!

2011/06/02

Pentsarazten: geroz eta gehiago, hobeto?

Kaixo!
Orain dela gutxi "Inside Job" ikusi genuen, finantza erakundeek ekonomia krisian izan duten eraginari edo hobeto esanda, erruari buruzko dokumentala.

Gaur, bideo motz hau helarazten dizuegu, gai berdina era sinple batean azalduta. Bertan, gaur egungo gizarte ereduak sortutako behar faltsuek eta berekoikeriak eragindako desoreka eta mirarizko zirudien sistemaren porrota azaltzen da. Arinagoa izan dadin, humore pixka batekin lagunduta!


2011/06/01

AntiguaOtarrak2 jaio da!












AntiguaOtarrak2 taldea duela hilabete batzuk sortu zen eta iritsi da gure berri izateko garaia.

Hogei bat lagun gara hainbat aldiz bildu garenak. Ez dugu lanketa haundirik egin gaiaren inguruan baina gauzak ezinhobeto atera zaizkigu hasiera-hasieratik. Gure taldeko partaide batzuen bidez hainbat ekoizleren berri izan genuen eta haiekin bildu eta haien baserriak ezagutu ondoren Errezilgo ekoizlea aukeratu genuen. Horren ondoren, beste behin egin diegu bisita Joxerra eta Arrateri euren Errezilgo paradisu txikira eta berriro ere merienda eta guzti pozik atera gara handik.

Azkeneko bisitaldi hartan zenbait gauza finkatu ondoren bi aste daramatzagu iada otarra antiguoko frontoian jasotzen. Ekoizle honek barazkiez gain beste hainbat produktu ere jartzen dizkigu eskuragarri, hala nola, ogia, arrautzak, oilaskoa, sagar mermelada, muztioa... dena beraiek era ekologikoan sortua. Beste ekoizle batzuekin ere harremanetan jarri gara dagoeneko eta espero dugu laister gazta ere etxean edukitzea. Hau oraindik hasiera besterik ez da eta lan asko dugu egiteko, hala ere animotsu gaude!!!

(Ikusi hemen banaketaren argazki pare bat)

2011/05/14

Pentsarazten: Ikuspuntu ezberdinak konpartitu, aztertu, pentsatu eta zure iritzia osatzeko txokoa.

Interneten edo liburutegian pixka bat murgilduz gero, asko dira gizarte eredu honi alternatibak bilatze aldera lanean ari diren mugimenduak (kontsumo taldeak barne) eta blog honetan pentsarazteko txoko bat sortzea proposatzen dizuegu. Bertan artikuluak, liburuak, irudiak, esaldiak, galderak, kezkak… konpartitu nahi ditugu.
Beraz, animatu eta konpartitu denokin bide honetan lagungarri izan daitezken ideia eta erremintak!

Lehenengo gai bezala desazkundea (decrecimiento) proposatu nahi dizuegu. Geroz eta gehiago dira bizi dugun krisi hirukoitzaren aurrean (ekologikoa, ekonomikoa eta politiko-soziala) aldaketa sakonak proposatzen dituzten taldeak. Ez da jasangarria fisikoki mugatua den planeta batean hazkunde mugagabe batean oinarrituriko gizarte eredu bat mantentzea. Ezinezkoa da.

Gai honetan sakontzen hasteko, Euskal Herria aldizkariak luzatu duen gonbidapena helarazi nahi dizuegu:


Hitzaldia: Desazkundea, kapitalismoaren krisiari alternatiba?
Hizlariak: Carlos Taibo eta Mirene Begiristain
Eguna: Maiatzak 16, astelehena
Ordua: 19:00
Lekua: Burtsa jauregia (Pilota Kalea 10, Bilbo)
Info gehiago: www.desazkundea.org

Hitzaldira joateko kotxea partekatu nahi izanez gero antiguaotarrak@gmail.com era idatzi edo 609339899 zenbakira deitu

Pentsatu, ez sinistu!

2011/05/09

Kontserba Ikastaroa


Kaixo denoi
Garaian garaiko produktuak kontsumituz, produktu bat garai batzuetan soberan eta beste batzuetan faltan izan dezakegu. Horregatik irudimena erabili eta trebetasun pixka batekin kontserbak eginez bi “arazo” konpontzen dizkigu:

- Aste batean sobratzen zaizkigun janaria alperrik galtzea ekiditen du.
- Produktu bat bere garaia ez denean eskura edukitzeko aukera ematen digu.

Joan den astean kontserba ikastaroa hasi genuen baina denontzat tokirik ez dagoenez, bertan ikasitako errezetak blogean zintzilikatzen joango gara beraz adi egon.

2011/04/25

LA BUENA VIDA

Kaixo denoi
Asko oporretatik bueltan izango zarete, batzuk lehen baino nekatuagoak, beste batzuk lanera itzultzeko “depre”arekin… Ipuin hau aurkitu dut zuentzako:


“Enzo, un rico comerciante de Puerto Ayacucho, visita a las comunidades indígenas del alto Orinoco y se horroriza cuando ve a Orawë, indígena Yanomami tumbado tranquilamente en su chinchorro (especie de hamaca), mascando tabaco.

-¿Por qué no sales a pescar?- le pregunta Enzo.
-Porque ya he pescado bastante por hoy - le contesta Orawë.
-¿Y por qué no pescas más de lo que necesitas? - insiste el comerciante.
-¿Y qué iba a hacer con ello?- pregunta a su vez el indio.
-Ganarías más dinero. De este modo podrías poner un motor fueraborda en tu canoa. Entonces podrías llegar lejos en el río y pescar más peces. Y así ganarías lo suficiente para comprarte una red de nylon, con lo que obtendrías más pescado y más dinero. Pronto ganarías para tener dos canoas y hasta dos motores y más rápidos…Entonces serás rico, como yo.
- ¿Y qué haría entonces? - preguntó de nuevo el indígena.
-Podrías sentarte y disfrutar de la vida - respondió el comerciante.
-¿Y que crees que estoy haciendo en este momento?-– respondió satisfecho el indio Orawë.”

Cuento de Tony de Mello

… ondo bizi

2011/04/20

Zorionak euskalakari guztioi!













Egon ginen Korrikan! batzuk Km gehiago (Aupa Toz!) eta beste batzuk gutxiago korritu genituen baina eman genion euskarari gure babesa eta argazki hauen bidez uzten dizuegu horren testigantza!

Opor onak pasa

2011/04/15

antiguaOtarrak ere Korrikarekin!


Kaixo denoi!


AntiguaOtarrak kontsumo taldean euskaraz egiten dugu lan eta oraingo honetan Euskararen alde ere egin nahi dugu. Hori dela eta Antiguan Km batekin hartuko dugu parte aurtengo korrikan eta parte hartzera animatu nahi zaituztegu.


Km asko daude korrika egiteko eta gu Antiguako 2446 Km-an egongo gara, Zumalakarregi kalean (Esklabak), goizeko 9:00tan.


Animatu eta gogoratu: Barazkiak ere euskaraz!


On egin eta ondo pasa!

2011/04/04

SENDABELARRAK

Azken hamarkadetan aldaketa asko eman dira gure gizartean. Gaur egungo bizimodua oso desberdina da gure aiton amonek bizi izan zutenarekin alderatuta: Internet, mugikorrak, espaziora bidaiak… Zientzia eta gizartean emandako aldaketa hauek, gure bizitzako arlo batzuk erraztu egin ditu baina gizakiok naturarekin izan dugun harremana izugarrizko abiadurarekin galtzen ari gara. Baina naturak gure bizitza hobetzeko galderei erantzunak ematen dizkigu behin eta berriro. Badira gaur egun naturari begira bizi diren zientzialariak, biomimetika arloan, naturak planteatzen dituen irtenbideak kopiatu nahian. Eta badira ere laborategi handi batean sartu gabe naturatik zuzenean lor daitezken elementuak: sendagaiak.

Gure artean arruntak diren gaixotasun asko sendatzeko behar ditugun elementuak naturan edo gure baratzetan aurki ditzakegu baina hauek erabili ahal izateko ezinbestekoa da sendabelarrak ondo ezagutzea. Xabik bere baserrira gonbidatu gaitu asteburuan baratzean hazten dituen sendabelarrak erakusteko eta kontatuko dizkigunak guztiz ezezaguna ez izateko, datorren asteartean, apirilak 5, sendabelarren inguruko dokumental baten emanaldia egongo da, gai honen inguruan interesa daukan edozeini irekia. Beraz animatu askorentzat ezezaguna eta beste askorentzat hain erakargarria den sendabelarren mundua ezagutzera.
Eguna: apirilak 5 asteartea
Ordua: 19:00
Lekua: Antiguotarrak elkartea

On egin eta osasuna!

2011/03/24

“ELIKADURA SUBIRANOTASUNA GENERO IKUSPEGITIK”

ELKAR SAREAk bidalitako gonbidapena luzatzen dizuegu interesgarria izango delakoan:

ELKAR SAREAK, datorren martxoaren 26an “Elikadura Subiranotasuna Genero Ikuspegitik” izenburupean jasotzen den jardunaldia antolatu du Donostiako Kristinaenea Fundazioan.

Elikadura Subiranotasunaren eraikitzean emakumearen papera azpimarratu nahi dugu. Parte hartzera eta izen ematera gonbidatzen zaituztegu.

Izen ematea: elkarsarea-idazkaritza@euskalerria.org
Tfnoa.:0034.628.208.358
http://elkarsarea.blogspot.com/

Bazkaria aurrez erreserbatua soilik. Menu begetariano ekologikoa.
Zure lekua erreserbatu 15,50 € ingrestuaz, martxoaren 24a baino lehen

2011/03/15

Antiguan bigarren kontsumo taldea sortu da

Joan den astean kontsumo taldeei buruzko informazioa zabaltzeko hitzaldia izan genuen Antiguan. Bertan, Nekasareako partaide den Unai Arangurenek, gaur egun baserritarrek bizi duten egoera eta enpresa multinazional handiek zuzentzen duten merkatuak jartzen dituen traba eta baldintzak azaldu zizkigun. Informazio honekin, argi gelditu zen multinazionalek inposaturiko jokoaren arauak apurtzeko kontsumitzaileok martxan jartzearen beharra eta bertaratutakoek Antiguan bigarren kontsumo taldea sortzea erabaki zuten.

Orain kontsumo talde berri honen nondik norakoak finkatzeko momentua heldu da. Talde berri hau irekia dago beraz, Antiguako bigarren kontsumo taldean parte hartzeko aukera aste honetan bertan daukazu:

Noiz: Martxoak 17, osteguna

Ordua: arratsaldeko 7tan

Lekua: Antiguotarrak elkartea

Anima zaitez!

2011/03/05

Antiguan bigarren kontsumo taldea sortzen


Dagoeneko urte erdi baino gehiago pasa da antiguaOtarrak kontsumo taldea sortu zenetik. Honek jakin-min handia sortu zuen auzotarren artean: nortzuk dira astero otarrekin atzera eta aurrera dabiltzan horiek? Nola lortzen dituzte barazki freskoz beteriko otarrak? Zer da kontsumo taldea?... Poliki poliki, jendea galdera guzti hauen erantzunak ezagutzen joan den heinean, interes handia sortu da eta asko eta asko izan dira ekimen honetan parte hatzeko nahia azaldu dutenak.


AntiguaOtarrak taldea osatuta dago baina sortutako interes hori bideratu nahian, Antiguan bigarren kontsumo talde bat sortzeko aukera aztertu nahi da. Horretarako eta mugimendu honen filosofiaren eta funtzionamenduaren berri emateko hitzaldi bat antolatu dugu. Hitzaldi hau irekia da beraz Antiguako kontsumo talde berrian parte hartu nahi baduzu, beste toki batean kontsumo talde bat sortu nahi baduzu edo azken aldian hainbeste entzuten den Kontsumo Taldeei buruzko informazioa jaso nahi baduzu etor zaitez antolatu dugun hitzaldira, denon artean kontsumo arduratsuago eta gizarte justuago baterantz abiatzeko ditugun aukerak aztertu eta bideratu ahal izateko.

Eguna: Martxoak 9, asteazkena
Ordua: arratsaldeko 7tan
Lekua: Antiguotarrak elkartea
Hizlariak: Unai Aranguren (Nekasareako kidea) eta antiguaOtarrak kontsumo taldeko kideak


2011/03/04

Basherri Taldeen II. Topaketa

Pasa den larunbatean Basherri Taldeen II. Topaketan egon ginen AntiguaOtarrak taldeko 3 ordezkari. Usurbilgo eskolan 50 pertsonatik gora elkartu ginen eta goiz osoa eman genuen eztabaidan eta elkar ezagutzen.

Eztabaida interesgarriak egon ziren eta batez ere lantzeko gai asko dauden sentsazioa. Sarearen oinarriak finkatzen ari direla ere ikusi genuen, denbora gehiena aurreko bilerako gaiarekin bueltaka eman bait genuen: kontsumo taldeen filosofia zehaztu eta asumitzeko beharra.

Lehenengo zatian Iparraldeko AMAP kontsumo taldeeen sarea aurkeztu zigun zuberoako partaide batek eta beraien filosofia eta antolakuntza azaldu zizkigun, puntu askotan oso interesgarriak zenbait urtetako esperientzia dutelako kontu hauetan.

Bigarren zatian talde guztiek gure aurkezpena egin genuen eta topaketaren bukaerararte luzatu ginen. Talde bakoitzak bere historia, antolakuntza eta izandako gorabeherak kontatu zituen. Talde askoren esperientzia ezagutu genuen eta berriz ere ikusi genuen denok antzeko zalantzak ditugula.

Zenbait talde kexatu egin ziren eztabaidatutako gaiak aurreko topaguneko berdinak izan zirelako, denbora galtzea iruditu zitzaiela eta hurrengo pausoak aztertu behar genituela (sarean lan egiten hastea, etab.) Ikusitakoagatik ordea, badirudi kontsumo taldeeen oinarriei buruz hitzegin beharra bazegoela, batez ere sortu berri diren taldeengatik.

Bukaeran talde guztiek gure filosofia ongi finkatzeko konpromisoa hartu genuen eta hemendik hilabete pare bat barru berriro elkartuko gara denok batuko gaituen Sarearen printzipio bateratuak adosteko.

Basherriak Sareari buruz eman ziren datu batzuk:

- 30 talde
- 500 familia (2000 pertsona inguru)
- 44 ekoizle
- Guztira 12 ha-ko zabalera landatuta
- Lehenengo taldea duela 6 urte hasi zen

Banatzen ari diren produktuak:
- barazkiak
- frutak: sagarra, kiwi, intxaurrak, udareak, kakiak, laranjak (kanpotik)
- arraultzak
- esnea eta esnekiak
- haragia
- ogia eta opilgintza
- mermeladak
- babarrunak

2011/02/28

Kuskusa, oilasko eta barazkiekin

Joan den astean, antiguaOtarrak kontsumo taldeko ekoizleekin egin genuen bilera-afaria, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremanak sendotzeko. Oso interesgarria eta atsegina izan zen eta sekretua Maritxuk prestatutako afari paregabean egon daitekenez errezeta pasatzen dizuegu:



Osagaiak: (barazkiak zati handietan doaz moztuta beraz kalkulatu zati pare bat bakoitzarentzat)

- Garaiko barazkiak (kasu honetan: patatak, azenarioak, aza eta kalabaza)
- Oilaskoa
- Tipula
- Pasak
- Azukrea
- Kuskusa
- Espeziak: Kurria, kominoa eta kurkuma

Alde batetik saltsa gozo bat prestatzen da, tipula, pasa eta azukrearekin. Nahiko denboraz eduki behar da sutan tipula asko egin eta pasak berriz puzten diren arte.

Bitartean, barazkiak eta oilaskoa zati handietan zatitzen dira eta lapiko handi batean egosten dira ondorengo ordenean: lehendabizi tipula jartzen da olio pixkabatekin eta urez estaltzen da. Jarraian aza eta azenarioa gehitzen zaio eta baita espeziak ere (hauek, bakoitzaren gustuaren arabera baina kominoak du protagonismoa kasu honetan). 15 bat minutu geroago kalabaza eta patata gehitzen zaio eta barazki guztiak egin arte uzten da sutan.

Amaitzeko, oilaskoa eta barazkiak egosi ditugun saldarekin kuskusa egiten da (1/1 neurrian).

Zerbitazeko, barazki bakoitzetik zati bat edo bi, kuskusa, eta kuskusaren gainean saltsa gozoa jartzen da.

Oso errezeta egokia da, hasieran dena txikitzeak lan pixka bat ematen badu ere gero egiten uztea besterik ez bait da! Eta zerbait ez bazaizue argi gelditu, argazki hauetan begira dezakezue!

On egin eta mila esker Maritxu!

2011/02/18

AntiguaOtarraken 1. dokumental emanaldia

Atzo antiguaOtarraken lehenengo dokumental emanaldia izan genuen. Bertan "La isla de las flores" eta "¿Que comemos hoy?" dokumentalak ikusi genituen. Lehenengoan gaur egungo gizartearen desoreka eta bidegabekeria azaltzen zaigu, Japonen ekoiztutako tomate baten ibilbidea Brasileraino jarraituz (Ikusi). Bigarrenean, gaur egungo ekoizpen sistemak azaltzen dizkigu, tradizionala, teknologia berriak eta ekologikoa alderatuz (Ikusi).
Dokumental emanaldia izateaz gain, hausnarketa eta eztabaidarako gune bat lortu nahi dugu ekintza honekin eta hasierako lotsa gainditu ondoren, bi gauza argi gelditu ziren:
- Daukagun informazio falta: askotan ez dakigu nola ekoiztu diren erosten ditugun produktuak, nondik datozen, zein produktu da garai bakoitzekoa...
- Kontsumitzaile bezala gizartean eragiteko dugun aukera: azkenaldian, ekoizle handiak dira zer kontsumitu behar dugun erabakitzen dutenak, baina zentzuz kontsumituz gu izan gaitezke nola ekoiztu behar duten erabakiko dugunak.
Guzti honen ondorio bezala, kontsumo taldeak eta antzeko ekimenak bultzatuz bide honetik goazela baieztatu genuen eta aurrera jarraitzeko gogo berrituekin atera ginen. Eta zergatik ez, agian horain arte hausnarketa hau egin ez zuen batenbatek hemendik aurrera zerbait erosterakoan nola ekoiztua den eta nondik datorren begiratuko du.

Laster arte

2011/02/14

antiguaOtarrak Zineforuma

Kaixo denoi!

Esan bezala, antiguaOtarrak kontsumo taldearen helburuetako bat, kontsumoaren inguruko gure ikuspuntua zabaltzea da eta horretarako hainbat ekintza antolatuko ditugu urtean zehar. Urteko lehenengo ekintza Antiguako jaietan Patata Tortilla Lehiaketa antolatzea izan zen. Aste honetan berriz antiguaOtarrak-en zineforumari ekingo diogu.

Gure asmoa, hilabetero gaur egungo kontsumo eta gizarte ereduaren inguruan hausnarketa eragingo diguten dokumental edo filmak proiektatzea da.

Hilabete honetarako aukeraturiko dokumentala ¿Que comemos hoy? da. Dokumental honek, produktu gehiago saltzeko edo diru gutxiagorekin produktu gehiago ekoizteko gaur egun erabiltzen diren sistema desberdinak azaltzen dizkigu, besteak beste, zein garrantzitsua den beraientzat piperrak zutik mantentzea edo nola aukeratzen duten tomatea dendan iraun dezaken denboraren arabera, zaporea edo osasuna alde batera utziz.

Beraz, dokumentala ikusi eta ondoren sortu daiteken elkarrizketara gonbidatu nahi zaituztegu, denon artean kontsumo arduratsuago batera bideratu gaitzaketen truko edo aholkuak ikasteko.

Izenburua: ¿Que comemos hoy?
Eguna: 2011ko otsailak 17, osteguna
Ordua: 19:30
Lekua: Antiguotarrak elkartea
Iraupena: 50 min

2011/01/30

Neguko barazkiak

Kontsumo talde baten partaide izanez gero, argi dago zeintzuk diren garaian garaiko produktuak: otarrean datozenak! Baina arrazoi desberdinengatik kontsumo talderen batean parte hartzeko aukerarik ez duenarentzat, hona hemen Euskal Herriko barazki eta frutuen egutegia (Kontsumo iraunkorrerako gidatik hartua)

Ikusiko duzuenez, neguan azak, azaloreak, zerbak (azelgak), kalabaza, espinakak... ditugu. Urtaro bakoitzean barazkiak prestatzeko ikastaroak egitea da gure asmoa, baina bitartean, zer egin nire barazki otarrarekin blogean ideia interesgarriak aurki ditzakezue.

Denon artean, barazkiak prestatzea erraztuko digun bilduma bat sor dezakegu, beraz, denokin partekatu nahi duzun ideiaren bat izanez gero, erantsi iradokizunetan edo bidali antiguaotarrak@gmail.com era eta guk zintzilikatuko dugu.

On egin!

2011/01/29

Patata Tortilla Lehiaketa


Urtarrilaren 21ean, Antiguako jaien barruan patata tortilla lehiaketa antolatu genuen. Lehendabizi Maddik prestatutako bideo bati esker kontsumo taldearen nondik norakoak ezagutu genituen eta ondoren, epaimahaiaren lan "gogorraren" ondoren, irabazleak ezagutu genituen Txikiren eskutik.

Lehenengo saria Ixaxkun Intxaustik eraman zuen eta bere hitzetan, tortilla paregabeak egiteko trukoa "bertako produktu ekologikoekin egitea". Argazkietan ikus dezakezue zein itxura ona zuten denek! Beraz, animatu bertako produktuak eta garaian garaiko produktuak erabiltzera, gizarte justuago bateruntz hurratsak emateaz gain, osasunean eta zaporean nabaritzen da eta!

On egin!

Maddi, Txiki, Epaimahaikide, Dokako lagun eta parte hartzaile guztiei MILA ESKER!

2011/01/19

ANTIGUAN ERE KONTSUMO ARDURATSU BATEN ALDE!

Antiguako talde bat garenez, bertako jaietan parte hartuko dugu. Aurten, tortilla lehiaketa antolatu dugu, urtarrilaren 21ean, ostirala, arratsaldeko 7tan DOKAn.

Bertan parte hartu nahi izanez gero, tortilla ederbat eramatea da baldintza bakarra eta noski, antiguaOtarrak kontsumo taldetik produktu agroekologikoekin egitea gomendatzen dizuegu, hauen zapore eta kalitateak saria irabazteko aukera handiagoak emango baitizkizu!

Saria "Otar agroekologiko" eder bat izango da, astigarragako Lizardi baserriko barazkiz eta beste hainbat produkturekin osatuta: Jexux Agirresarobek ekarritako Usurbilgo arrautzak, Aiako Orortegi baserriko gazta eta intxaurrak...
Horretaz gain, kontsumo taldearen inguruko informazioa emateko bertan egongo gara beraz interesa baduzue aukera paregabea izango da!

Eta hau hasiera besterik ez da. Hemendik aurrera kontsumoa, elikadura, jasangarritasuna eta hauekin erlazionaturiko gaien inguruan kanpo ekintzak antolatzeko asmoa dugu (bideo emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak...) Beraz adi egon asko bait gara gizarte arduratsuago baten alde lan egin eta parte hartzeko prest gaudenak!

Ondo izan eta jai onak pasa!

Kontsumo taldeak: zergatik? zertarako?

Gaur egun, kontsumismoa bultzatzen duen gizarte eredu batean bizi gara. Etengabe jasotzen ditugu gehiago kontsumitzeak zoriontasun handiagoa emango digula dioten mezuak, iragarkietan, telebistan… Guzti honek benetakoak ez diren beharrak sortu dizkigu: benetan behar al dugu urtero mugikorra aldatzea? Benetan behar al dugu oporretan planetaren beste puntaraino joatea? Ezinbestekoa al da zoriontsu izateko tomateak urte osoan jatea?

Gure “behar” berri hauek asetzeko burutzen ditugun ekintzek ondorio latzak dituzte bai gizartean eta baita planetan ere. Planetaren baliabideak mugatuak dira eta banaketa ekitatibo batean dagokigunaren gainetik bizi gara. Hori posible egiteko beste batzuei dagozkien baliabideak gureganatzen ditugu. Inoiz ez al duzu pentsatu baliabideak eta gainontzekoen lana gure “beharretara” moldatu beharrean, horrek dakartzan ondorioekin (langileen eskubideak urratzea, bioaniztaasunaren desagerpena, beste lurraldeekiko dependentzia...), gure bizitza planetak eskaintzen dituen aukeretara moldatu beharko genukeela beste inoren eskubideak zapaldu gabe?

Gaur egun gizartean eragiteko dugun modu zuzenetako bat kontsumoa da. Gure kontsumo ereduarekin orokorrean gizarterako nahi ditugun baloreak adierazi ditzakegu (langileen lan baldintza justuak, ingurumenaren babesa...). Eta guzti hori kontutan hartuta kontsumitzeak ez du atzera pasu bat esan nahi. Alderantziz, zentzuz kontsumituz, gizartearentzako, planetarentzako eta gure osasunarentzako onurak izango ditugu, ohituretan aldaketa txiki batzuen truke. Eta honetaz ohartzean, eta gizartearen iraunkortasunerako zein beharrezkoa den ikusirik, geroz eta jende gehiagok ekingo dio kontsumo arduratsuari.

Gure kontsumoaren zati handi bat elikadurari zuzenduta dago. Egunero jaten dugu, baina zer jaten dugu? Nola dago ekoiztua jaten dugun hori? Gure kontsumo ereduarekin zein ekoizpen eredu ari gara bultzatzen?

Orokorrean bi eredu mota daudela esan dezakegu: Bata eredu neoliberala, miloika nekazariren eskubideak urratuz enpresa haundi gutxi batzuen esku dagoen nekazaritza industriala bultzatzen duena. Bestea aldiz elikadura burujabetzan oinarritutakoa, hau da, elikagaiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituzten pertsonak elikadura sistema eta politiken erdigunean jartzen dituena, merkatuen eta enpresen eskakizunen gainetik. Azken honek nekazaritza agroekologikoa bultzatzen du, tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak ekoizten dituena, beti ere langileen eskubideak bermatuz.

Beraz, aukeratu zure kontsumo eredua eta egin lan gizarte justuago eta jasangarriago baten alde!