2012/11/27

#GUK ERE EUSKARAZ!!



Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Donostia osoak ospatuko du egun garrantzitsu hau. Jaia, hala ere, egun pare bat aurreratuko da, aurreko asteburuan.

San Telmo Museoa izango da epizentroa, bertan, klasikoa den mintzodromoa antolatzeaz gain, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia egingo da, Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik.



Antiguan, gogoki ospatuko dugu Euskararen Nazioarteko Eguna eta zenbait elkarteen talde-lanari esker honako ekitaldiak antolatu dira, abenduaren 1ean, larunbatean, Txalupagillene plazan, 12.00etatik aurrera.

TRUKE AZOKA. Euskara abiapuntu bezala hartuta, etxean dituzuen euskarazko liburu eta jostailuak trukean emateko eta jasotzeko aukera egongo da. Horretaz gain, beste hainbat gauza trukatzeko aukera egongo da, nolabait, kontsumo alternatibak badaudela ekarri nahi dugu gogora. Gauzen bizi iraupena luzatzea, ondakinak gutxitzea eta kontsumo arduratsuago batera iristea da truke azoka honen helburua.

KANTU JIRA. Jaialdi batean berebizikoa da ondo pasatzea. Hortaz, musika eta dantza izango dira Antiguako Txalupagillene plazan goiz osoan zehar.

TXARRI BODA ETA PLAZA DANTZA. Dantza, Antiguotarrak Dantza Taldea jarriko du, AntiguaOTARRAK kontsumo taldea berriz, txarri boda bat egiteko beharrezko osagarriak.

Zure esku dago, Donostia Euskararen Hiria izateaz gain EUSKARAREN HIRIBURUA bilakatzea.

Informazioa gehiago:

#guk ere euskaraz webgunea






2012/11/23

Auzo-konposta


 

 
Azaroaren 20ean, Donostiako Udalaren eskutik “Auzo-konposta” ekimenaren aurkezpena egin zen Antiguan. Aurkezpenean, udaleko zinegotzi bat eta bi  teknikok hartu zuten parte.
Datozen asteotan, Antigua, Aiete ,Añorga Txiki, Igeldo eta Zubieta auzo eta herrietan martxan jarri nahi da ekimen hau, lehen esperientzia bezala.



Auzo-konposta ekimena aurrera eramateko Udalak, gune egokia prestatuko ditu.
Gure auzoaren kasuan, Ondarretan ezarriko da, konposta gunea,  AEK euskaltegiaren lokaletatik gertu.
 
Hasierako ekimen honetan16 familiak, soilik,  hartuko dute parte. Behin izena eman eta gero ikastaro labur bat jasoko dute auzo-konpostako kideek (ordu eta erdikoa gora behera)

Familia bakoitzak, bere giltza izango du konpostaia nahi duen unean eraman ahal izateko.

Bestetik, sortzen den konpostaia Donostiako lorategietan erabiliko da, ximaurra bezala, eta  nahi izanez gero familiek, ere, euren konpostaia eraman eta erabili ahal izango dute.
Interesatua bazaude, apuntatu zaitez:

943 483390 telefonoan
ingurunea@donostia.org email helbidean.

Gehiago jakin nahi baduzu, hona hemen, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratuko gida:

http://www4.gipuzkoa.net/medioambiente/compostaje/down/konposta%20gida-trz.pdf


Zabal ezazu! Animatu zaitez!
 

2012/09/20

Probatu al duzu inoiz TRUKEA?

Aste honetan mugikortasun jasangarriaren astea ospatzen da. Kotxeentzat bideraturiko azpiegitura eta espazioak oinezkoentzat berreskuratzea da bertan eskatzen den gauzetariko bat.


Antiguan, Matia kalea kotxeentzat itxiko da larunbatean, hilak 22, ibilgailuei irabazitako leku hori auzoko elkarte eta auzokideek ekintza desberdinak burutzeko erabili ahal izango dugularik.
AntiguaOTARRAK Kontsumo taldeak AntiguaTruk truke azoka antolatu du. Honako helburu edo filosofiaren aldeko apustua eginez:

-Gauzen bizi iraupena luzatu.

-Gauzak berrerabiliz hondakinak gutxitu.

-Kanpotik inposaturiko kontsumo arauetatik kanpo, gure beharrak asetzeko topaguneak sortu.

Ziur gaude denok edo gehienok ditugula etxean edo trasteroan egoera onean dauden eta bazter batean ahazturik ditugun gauzak. Hortaz, hauek truke azokara ekartzera animatu nahi zaituztegu, bertan zuek behar duzuen zerbait aurkituko duzuelakoan!
Trukea ez baduzu orain arte probatu hau da zure aukera, garai batean gure arbasoek erabiltzen zuten kontsumo modua dastatuko duzu eta horrek bihotzean sekulako poza sortuko dizu…



Noiz: Larunbata, irailak 22

Non: Matia kalean (Txalupagilene plaza inguruan)

Ordua: 10:00etatik 14:00etara

Eguneko programaren xehetasun gehiago hemen:

Donostiako Udalak "Nire autorik gabeko eguna" antolatzen du.

Ondo izan eta on ekin!

2012/09/14

Hiri baratza ikastaroa Usurbilen

Usurbilen hiri baratza ikastaroa antolatzen ari dira, interesatuak bazaudete oraindik garaiz zaudete (bihar hasiko da).

Basherriak blogean informazio gehiago



Izenburua: Hiri baratza ikastaroa, balkoietan eta terrazetan baratza lantzeko ikastaroa.
Egunak: Irailaren 15ean, 29an eta Urriaren 6an
Ordua: 10:00etatik 13:00etara
Tokia: Usurbil. Santuenea auzoan, Zahar Egoitzaren ondoan dagoen lokalean (Sendabelarren ikastaroa ere bertan egin zen).
Prezioa: 20€

2012/09/12

Laranja baten istoria

Zenbat kostatzen da herrialde urrunetatik elikagaiak ekartzea? 

Basherriak sareko blogean ondorengo aurkezpena aurkitu dut, Hego Afrikatik laranja bat ekartzeko kontsumitzen diren baliabideak aztertzen ditu:




Oso argigarria iruditu zait bai ingurunean eta bai ekonomikoki dituen eraginen azterketa... a ze astakeria!

2012/06/02

Bi tomate, bi patu

Hemen uzten dizuegu Mugarik Gabeko Albaitarien bideo bat. Modu oso sinple eta dibertigarrian, ekoizpen agroekologiko eta industrialaren arteko diferentziak (batzuk) azaltzen dizkiguna. Ikusi, zabaldu eta pentsarazi!

http://www.cinemascampo.tv/video.php?video=180

On ekin!

2012/04/20

Donostian kontsumo arduratsua sustatzeko ekimena: SARETUZ

Kaixo: gaur eta bihar burutuko den topaketaren berri eman nahi dizuegu:






Gaur egun nagusi den elikagai, ondasun eta zerbitzuen ekoizpen eta garraio sistemak eta berau sostengatzen duen kontsumismoak desberdintasun sozial nabariak eta gure ingurune gertu zein urrunean kalte sakonak sortarazten ditu.
Bizi dugun krisiak (ekonomikoa, ingurumenarena, energetikoa…) eredu hau jasangarria ez dela ondorioztatzen du eta horregatik aldaketa globalak sortarazteko gertuen dugunetik ekintzetara pasatzea garrantzitsua da.

Gure kontsumo ohiturak, gure erosketak,ekintzetara pasatzeko erremintak dira. Zentzu horretan, topaketa hauen bitartez Donostialdeko elkarte desberdinek Kontsumo Arduratsu eta Zentzuzkoaren bidetik proposatzen dituzten alternatiba desberdinak erakutsi eta eztabaidatu nahi dira. Era berean, gai horren inguruan hirian lan egingo duen sare baten oinarriak ere finkatu nahi dira.

Apirileko topaketaren antolaketan sare-eragile bezala parte hartu dugun elkarteak honako hauek gara: Mugarik Gabe, Emaús Gizarte Fundazioa, Ekologistak Martxan, Setem Hego Haizea, Mugarik Gabeko Ekonomilariak eta Donsotiako Bidezko Merkataritza Taldea.

Tokia: SAN TELMO MUSEOA
Noiz: Apirilak 20 ostirala 17:00-20:00 eta Apirilak 21 larunbata 10:00-14:00
info +: http://saretuz.wordpress.com/ - 943 445 977
*Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, deitu galdetzeko

ANTOLATZAILEAK: Ekologistak Martxan, Mugarik Gabe,
Emaús Gizarte Fundazioa, Setem Hego Haizea, Economistas sin Fronteras,
Donostiako Bidezko Merkataritza Taldea.

2012/04/12

NAZIOARTEKO BASERRITARREN BORROKA EGUNA. LURRAREN LAPURRETAREN AURKA!

1996ko apirilaren 17an, beraien lurren alde borrokan ari ziren 19 baserritar erail zituzten Brasilen. Urtero, egun honetan beraien eskubideen alde borrokan diharduten baserritarren alde ekintza desberdinak burutzen dira mundu osoan.

Azken urteotan, lurraren desjabetzea eta zabalkundean oinarrituriko garapen ereduaren politikak jasaten ari gara, nekazal lurrak eredu honen atzean dauden pertsona eta enpresen interesak asetzera bideratuz, AHT kasu.

Honek, lurren eta bertan dauden baliabideen jabetza enpresa handien esku uzten ditu, azpiegitura, turismo eta etxegintza, hidroelektrika eta meatzaritza, baso ustiapen edo inbertitzaile handien esku adibidez.

Hori dela eta, hainbat eta hainbat herri beraien lurretatik kanporatuak izan dira, giza eskubideak eta emakumeen eskubideak urratu, txirotasuna areagotu, jendarte haustura eragin eta ingurumenaren kutsadura areagotu delarik.
Lurren lapurretaren atzean dauden beste eragile batzuk banku pribatuak, pentsio fondoak eta beste inbertsio fondo batzuk dira.

Lur lapurreta, lurra, ura, haziak eta beste baliabide batzuen kontrolean oinarrituriko mundu mailako menpekotasun fenomeno bat da, irabazleak enpresa handiak direlarik. Guzti hau, irabaziak gizartearen ongizatearen gainetik jarriz eta ingurumenarekiko begirunerik eduki gabe lortzen dute.

Hori dela eta, antiguaotarrak kontsumo taldeak La Via Campesinak lur lapurretaren aurka ekintzak antolatzeko egin duen deialdiarekin bat egin nahi dugu. Horregatik apirilaren 17an Antiguako kaleetan izango gara eguna ospatzen.

Lurra lantzen duenarentzat!
Gora nekazarien borroka!

Adi egon eta on ekin!

2012/03/19

Gure lurra, gure etorkizuna



BIZILUR eta EHNE Bizkaiak elkarlanean "Gure lurra, gure etorkizuna" dokumentala sortu dute Euskal Herriko baserritarrekin eta nazioartean elikadura burujabetzaren alde lanean ari diren nekazari eta ekintzaileekin egindako elkarrizketak bilduz.

Dokumentala Euskal Herriko hiriburu ezberdinetan aurkeztuko dute eta emanaldiaren ondoren mahai ingurua egingo da bideoan parte hartu duten pertsona ezberdinekin.

Donostiako aurkezpena DOKA Kafe Antzokian izango da hurrengo asteazkenean eta mahai ingurua girotzeko pintxo batzuk prestatuko ditugu AntiguaOtarrak taldekoek. Beraz anima zaitezte eta bertan ikusiko dugu elkar!

Lekua: DOKA
Eguna: Martxoak 21, asteazkena
Ordua: 19:30

Bitartean ona hemen bideoaren trailerra



ON EKIN!

2012/03/08

Emakume baserritarrak

Urte luzez gutxiestuak eta desarrollismoaren kulturak erasotuak izaten ari dira gure herriko baserriak. Hala ere baserria gure herrian jaki osasungarrien iturria eta lurra lantzeko eredu jasangarri baten zutabea izan dira eta badira. Baserriaren oinarri ta motorea betidanik emakume baserritarra dugu. Hauen lana ixil eta ezkutatuak egunen batean behar duen aitortza jasoko du. Bitartean, horren gogoa ekarri nahi izan dugu martxoak 8 honetan.


Gora munduko emakume baserritarrak!. Gora emakumeon borroka!

2012/03/05

Pentsarazten: Zergatik ekoizpen agroekologikoa?

Pentsarazten atalean interesgarriak izan daitezken bideo, berri, artikulu,iritziak ... zintzilikatu nahi ditugu.

Gai honetara iritsi berriak zaretenontzat ona hemen bideo motz eta interesgarri bat. Bertan Miguel Altieri zientzilariak agroekologiaren garrantzia azpimarratzen du ideia pare bat argi eta laburki azalduz.

http://www.youtube.com/v/EAV-RlDDirI&hl=en&fs=1&autoplay=1

Pentsatu, ez sinistu!

Ez gaude lo!

Joan den udazkenetik bloga hibernatzen eduki dugun arren, antiguaOtarrak ez da lo egon. Hilabete hauetan barne antolakuntzaren hainbat atali heldu diogu funtzionamendua hobetze aldera. Bilera maiztasuna, bakoitzaren inplikazio maila, helburuen arteko lehentasunak, produktuak aukeratzeko irizpideak, beste kontsumo taldeekin harremanak... horrelako gaiak behin eta berriz ditugu hizpide gure artean baina honek, oztopo izatetik urrun, indarberritu egiten du taldea.

Azken aldian, ekoizleekin harremana indartzea zen gure kezketariko bat eta horri ekin diogu buru belarri: baratzaren planifikazioa, ekoizleekin bilerak... Honekin, sortzen ari den harremana sendoa izateaz gain atsegina izaten ari da eta horren froga bezala joan den larunbatean Jexux arrautza ekoizlea eta bere familiarekin "Han goiko arrautzak" ezagutzeko egin genuen bisitaren argazkiak ikus ditzakezue (sakatu hemen).

Horretaz gain, bigarren urtez antiguako jaietan antolatu genuen Patata Tortilla lehiaketaren argazkiak ere zintzilikatu dizkizuegu (sakatu hemen). Oso giro ona sortu zen partaide asko eta dastatzaile gehiagorekin, pertsonai mitologikoen bisita eta guzti! Mila esker parte hartzaile guztiei eta baita argazkilariari ere!

Hemendik aurrera bloga ere indarberritu nahi dugu interesa duzuen guztiei ikastaro, artikulu, hausnarketa eta taldearen ekintzak helaraziz. Horretarako denon laguntza izango da ongietorria. Beraz, anima zaitezte iradokizunak egin edo gurekin partekatu nahi duzuen informazioa bidaliz!

Ondo izan eta on egin!